Ekintzak eta motiboak artikuluan hau komentatu zuten: «Funtsean, bi emozio daude soilik: beldurra eta maitasuna. Horietatik bertze guztiak adarkatzen dira» eta oso gogoeta ona iruditu zitzaidan.

Emozioei buruz asko filosofatu da, Elisabeth Kübler-Ross edo Gary Zukav-ek antzeko ideia bat azpimarratzen dute beraien lanetan, baina psikologia modernoaren ikuspegitik, bost edo sei emozio primario onartzen dira normalean: poza, tristura, beldurra, haserrea, sorpresa eta nazka (Ekman-en arabera adibidez). Ekman-ek, kostata, bere teorietara, mespretxua, interesa hots kuriositatea, lotsa, errua, edo harrotasuna gehitu zituen. Azkeneko Emozio hauek konplexuagoak zirenez, ez zituen berehala «unibertsal» moduan sailkatu.
Disneyk, hasieran, Ekmanen eredutik hurbil, bost emozio aurkeztu zituen: poza, tristura, beldurra, haserrea eta nazka. Baina aurrerago, beste tesi batean antsietatea, lotsa, inbidia eta asperdura gehitu zituen. Barkatu, tesi esan dut?, barkatu, pelikula esan nahi nuen, baina azkenaldian, badirudi Disneyri zilegitasun gehiago ematen zaiola zientzialari serio bati baino, horregatik nahastu naiz…
Pelikulaz aparte, emozioen inguruko sailkapenak egiterako garaian zientifikoak ez dira beti oso adost jartzen, batzuek «emozioak modulu neurobiologiko bat» dela esaten dute, beste zientifiko batzuek «konstruktu sozial bat» direla esaten dute. Eskerrak zientifikoak diren, zeren nire auzoan halako eztabaidak, askotan labankadaz amaitzen dute…
Hurrengo galdera emozioak zer diren izan daiteke. Eta hor ere hasten dira buruhausteak; ez bait dago definizio bakar eta unibertsal bat.
Atzera bueltatuz, ikus dezagun Elisabeth Kübler-Ross edo Gary Zukav bezalako autoreek zer esaten zuten:
Elisabeth Kübler-Ross psikiatra suitzarrak, «bi emozio bakarrik daude: maitasuna eta beldurra. Emozio positibo guztiak maitasunetik datoz, eta negatibo guztiak beldurretik» datozela esaten zuen.
Hau da, poza, itxaropena eta barkamena, maitasunetik.
Haserrea, jeloskortasuna, errua, beldurretik.
Berarentzat, bizitzaren azken uneetan ere, jendeak beldurraren edo maitasunaren arabera erreakzionatzen duela zioen.
Gary Zukav filosofo amerikarrak, «ekintza, pentsamendu eta sentimendu oro maitasunak edo beldurrak bultzatzen dituela» esaten du.
Berak dio gure ekintzak eta erabakiak arima garatzeko edo arimaren kontrako norabidean daudela, eta horien atzean beti maitasuna edo beldurra dagoela.
Ni ez nago adost Elisabeth Kübler-Ross-rekin, beldurra ez da beti negatiboa eta maitasuna ez da bati positiboa:
Beldurra, bizi iraupenerako funtsezkoa da, erabaki zuzenak hartzera bultzatzen gaitu eta, sarritan, gure hazkuntza pertsonalean abiapuntu bat izan liteke.
Maitasunak askotan sufrimendura eramaten gaitu: maitasun itsu nahiz obsesiboak ez dira bakarrik norberarentzat kaltegarriak, baizik eta maite ditugun ingurukoentzat ere mingarriak izan liteke.
A ze pelikulak muntatzen ditugun, bi hitz edo bi sentimenduren bueltan. Agian horregatik funtzionatzen du zinea hain ongi.

HARPIDETZA EGITEKO
https://chat.whatsapp.com/HrALSaTeE3E5pnGJs17YAx
