Beste post batzuetan aipatu dudan bezala, Ordiziako lursaila nahiko haizetsua da. Haizea sarritan ibiltzen da eta urteko zenbait garaitan indar handiz jotzen du. Horregatik, hasieratik argi nuen tea ondo haztea nahi banuen haizearen aurkako babes natural bat sortu behar nuela.

Horretarako aukeratu dudan irtenbidea hurritzez osatutako hesi bizi bat da, haizearen kontrako babes moduan jardungo duena. Gainera, hurritzek badute beste abantaila bat ere: babesa emateaz gain, fruitua ere emango dute, beraz espazioa ondo aprobetxatzen da. Gainera hurritzen artean tea ere landatu daiteke, eta, horri esker, espazioa askoz hobeto optimiza dezakegu.
Iaz lehen zuhaitzak landatu nituen. Guztira 30 hurritz izan ziren, Negret eta Pauetet barietateetakoak, hiru oineko sistema katalana erabiliz. Sistema honek zuhaitzak zuhaixka moduan haztea ahalbidetzen du, trinkoagoak bihurtuz, eta horregatik oso egokia da halako hesi produktiboak sortzeko.
Aurten landaketa zabaltzea erabaki dut, hesia indartzeko. Horretarako beste 40 hurritz erosi ditut:
- Pauetet barietateko 30 ale
- Segorbe barietateko 5 ale
- Gironell barietateko 5 ale
Segorbe eta Gironell barietateek batez ere polinizatzaile lana egingo dute. Hurritzaren kasuan hori garrantzitsua da, barietate askok polen bateragarria behar baitute fruitu ekoizpen ona izateko.
Hala ere, aurten eguraldiak gauzak pixka bat zaildu ditu. Azken hilabeteetako euri handiek lurra hezeegia utzi dute. Lurra hain heze dagoenez, sustrai biluzian erositako zuhaitzak orain landatzea ez da ideia ona.
Beraz, behin-behineko konponbide bat asmatu behar izan dut.

Hurritzak behin-behinean garajean landatu ditut, saski handi batzuen barruan, eta han egongo dira lurreko baldintzak hobetu arte eta lursailean landatu ahal izan arte.
Zain dauden bitartean, hazkuntzarako argi berezi bat jarri diet, garaje barruan dauden bitartean behar duten argia izan dezaten. Horrela, zuhaitzak egoera onean mantendu ahal izango dira beren azken tokira eramateko unea iritsi arte.
Dena ondo badoa, lurra pixka bat lehortu eta egitura egokia berreskuratzen duenean, hurritz hauek te landaketa babestuko duen hesi biziaren parte bihurtuko dira. Denborarekin, espero dut hurritz lerro hori haizearen aurkako babes natural sendo batetan bihurtzea… eta bide batez, hurr uzta on bat ematea (200 – 500kg inguru).
